Ongi etorri Etxaurira. Etxauri Iruñerrian dago, mendebaldean, izen bereko bailararen iparrean. Etxauriko udalerriak bi toki ditu: Etxauri eta Otazu. Herria leku lasaia eta abegikorra da, eta bertaratzen direnak harriturik gelditzen dira begien aurrean duten naturaren handitasunagatik.
Ikustekoak dira Sarbil mendilerroko Santa Cruz tontorra eta bertako eskalada eskola, Nafarroan parekorik ez duena. Hor dituzte eskalatzaileek ia mila bide (El Kiriako, El Cantero, La Rueca, El Uso); ederra ere Etxauri mendi-lepotik dagoen bista: bailara osoa ikus daiteke, baita Iruñerria ere; eta eguna argia bada, urrutian bereiziko ditugu Pirinioak eta Moncayo mendia.
Gure kale eta plazetan – zabal eta lasaiak- paseoan ibiliz gero, antzinako dorreak eta oinetxeak ederretsiko ditugu, baita gure jendearen abegikortasuna ere. Horregatik guztiagatik leku ederra da Etxauri, bertakoendako eta bisitariendako.
Etxaurin ongi barneratu dira ohiturak, eta aberatsa da baliabide naturaletan: gereziak, ardoak, Iruñerriko arkumeak. Dena den, haren balorerik preziatuena natura bera da, eta bere handitasunean disfrutatuko dugu.
Edozein urtaro da ona etxauri bisitatzeko: negua eta udazkena Sarbil mendian edo Arga ibaiaren bazterrean ibiltzeko; ekaina herriko festetan gozatzeko, edo gure gerezi ederrak dastatzeko; eta udan igerilekuan lasaitu bat hartzeko, naturaz gozatu eta gero.
Eskalatzaileek aukera zabala dute, hain dira ugariak eta bariatuak bertako eskalada bideak.
Web gune honetan gure herria erakutsiko diegu bertakoei eta bisitariei.
Ongi etorri, bada; eta espero dugu web hau zuen gustukoa izatea, eta lagungarri izan dadila gure herria bisitatzeko.
Agur bero bat.
Udalbatza.
Alkatea: Idoia Aritzala Etxarren (EHBildu).
Zinegotziak:
- Ainara Baquedano Munarriz (EHBildu)
- Iker Satrústegui Pérez (EHBildu)
- Itxaso Sagardoy Lacosta (EHBildu)
- Itziar Calvo Oteiza (EHBildu)
- Julen Lazcano Andueza (EHBildu)
- Osane Andueza Osés (EHBildu)
Idazkaria: Alberto Mauleón, Bidaurretan, Ziritzan eta Etxarrin idazkari ere bada.
- Autonomi Erkidegoa: Nafarroa.
- Herrialdea: Nafarroa.
- Kategori Historikoa: Udalerria.
- Kategori Administratiboa: Udala.
- Barruti Judiziala: Iruña.
- Merindadea: Iruña.
- Eskualde Geografikoa: Etxauribar.
- Populazioa 2022/01/14: 723 biztanle
- Hedadura: 13,64 Km².
- Altuera : 412 metro.
- Iruñerako distantzia: 14 Kilometro.
- Komunikazioak / Errepideak: NA-700 (Iruña – Lizarra) errepidean dago.
- Jentilizioa: Etxauriarra.
GEOGRAFIA
Geografiari dagokionez, Etxauribarrek halako batasun bat dauka, mendiz inguratua eta Arga ibaiak zeharkatua. Ibarraren sarrera ekialdean dago eta, irteera berriz, hego-ekialdean. Iparraldean, Sarbil mendia da mugakide, eta hegoaldean, Erreniega mendia.
Etxauri herria Ibarraren sarreran dago, Sarbil mendiaren failak gerizpetua eta, gain batean eraikia; toki estrategikoa da ibarreko gainerako tokietara joateko bideak kontrolatzeko. Herria ez du halabeharrak toki horretan kokatu, aski eta sobra frogatua baitago giza taldeak inguru honetan bizi izan direla duela 18.000 urtetik hona; horren lekuko dira Sarbil mendian dataturiko eta azterturiko 20 aztarnategiak. Aztarnategiok Epigravete eta Solutre aldietatik Burdin Arorainokoak dira.
Sarbil mendia Etxauribarko lurrik zaharrenak dira; Eozeno ertainekoak dira, zehazki, noiz eta kareharriak jalki zirenekoak. Batetik, Pirinioetako failak kareharriak altxatzea eragin zuen eta, bestetik, Zokalo Hertziniarrak mendia altxarazi zuen; horren eraginez, Sarbil mendia haustura mailakatuz eta paraleloz osaturiko bloke goratu bat da. Horrela, kareharriz osaturiko hormatzar ikusgarriak sortu ziren, tarte batzuetan 100 metro inguruko altuera dutenak.
Kareharrizko horma horiek oso desberdinak eta desordenatuak dira eta eskalatzaile asko erakartzen dituzte, hormak oso ezagunak baitira eskalada munduan. Izan ere, adituen esanetan, inguru hori Nafarroako eskalada-eskolarik hoberena da eta Europako hoberenetarikoa harri bigunetan; horrela, failan kirol-aukera ugariak egin daitezke: bide batzuk oso aproposak dira eskaladan ikasteko eta beste batzuk, berriz, adituenentzako ere muturreko bideak dira.
Etxauri Sarbil mendiaren hegoaldean dagoenez, herria iparraldetik datozen eragin meteorologikoetatik babestua dago. Etxauri eguzkialdean dago, berokian, failak gerizpetua eta hegoaldera begira; horren eraginez, gure udalerria toki benetan pribilegiatua da, eta oso mikroklima berezia du.
Ezaugarri horiei guztiei Arga erantsi behar zaie, ibaiak ezker-eskuin zeharkatzen baititu Etxauriko udalerriko beheko lurrak; Argak sekulako meandroak eratu ditu zelaigune zabal-zabaletan, eta lur horiek guztiak oso emankorrak dira nekazaritzarako. Horren ondorioz, ederki hazten dira gure lurretan latitude baxuagoetako nekazaritza-landareak; esate baterako, zerealarekin batera, mahastia, eta batez ere, gerezia eta beste fruta-arbola batzuk. Agiri zaharren arabera, Erdi Aroan ere mahastia bazegoen. Izan ere, Nafarroako Erresumako upeltegiak gure inguruko ardo ekoizpenaz hornitzen ziren.
Bestalde, ur-baliabideak nabarmendu behar dira. Sarbil mendiko kareharria oso porotsua eta iragazkorra da, eta eraketa geologiko horren ondorioz, euri-ur gehienak lurpean sartu eta beheko zelai zabaletan azaleratzen dira iturri eta iturburu aunitzen bitartez. Haietako batzuk ur termalen eta sufretsuen iturburuak dira; esate baterako, Iberokoak, Etxaurikoak eta Belaskoaingo Errege Bainuetxe zaharrekoak. Horrek guztiak eraginik, gure lurraldea inguru aproposa eta atsegina da biztanleentzako, bai eta animalientzako eta nekazaritzarentzako ere; horrela, harreman ezin hobea dago naturaren eta gizakien artean, inguru ederra bai bizitzeko bai gozatzeko.
ETXAURIKO HISTORIA
Etxauriko historia (Tamaina 47Kb)
ETXAURIKO HISTORIA, ARKEOLOGIA AZTARNEN ARABERA
Gizakia Etxauribarren bizi izanaren lehenbiziko aztarnak Behe eta Erdi Paleolitokoak dira, duela 50.000 urtetik gorakoak; ziurrenera, neandertalen aurreko gizakiak izanen ziren eta neandertalak ere bai.
C14-rekin egindako azterketek gizakia Etxauriko udalerrian bizi izanaren arrastoak erakutsi dituzte, duela 17.000 urtekoak. Ehiztari talde txiki bat izanen zen, eta jende horrek postu bat paratu zuen Legintxikiko berokian, bazterrak begiratzeko, atseden hartzeko eta ehizarako armak konpontzeko. Toki horretan agertu diren aztarnei erreparatuta, jakin ahal izan dugu gizon-emakume haiek Epigravetiense aldiaren kulturakoak zirela, garai hartan Europa Mendebalde osoan arras zabaldutakoa, eta ugaztun handiak ehizatzen zituztela; esaterako, harpeetako hartza, errinozero iletsua eta elur-oreina. Horrek aditzera ematen digu, beraz, zeinen klima hotza, muturrekoa, zegoen Etxauribarren; hau da, egun Laponia eta Siberia aldean dagoen antzeko ingurumena egonen zen. Izotz garai hark 7.000 urtez iraun zuen, gutxi gorabehera; bada, Legingo kobazuloetako eta Legintxikiko giza bizitzak milaka urte haietan iraun zuen, baina Europako kultura berriagoen osagaiekin; esate baterako, Solutre aldia eta Madeleine aldiko osagaiekin.
Duela 10.000 urte inguru, izotz garaia bukatu eta Europa Mendebaldea berotzen eta hezetzen hasi zen: horren ondorioz, paleolitoko kultura guztiak bat-batean errotik aldatu ziren. Horrela, oihan zabalak sortu, eta habitat hotzeko ugaztun handiek iparrerantz jo zuten. Etxaurin badira aro nahasi horretako arrastoak Legintxikin eta Leginen.
4.000 urtetik gorako bide luzearen ondotik, gizadiak ingurumenarekiko harremana aldatu zuen; horrela, ehiztari eta biltzaile izatetik nekazari eta abeltzain izatera pasatu zen. Horri “Neolitoko Iraultza” esaten zaio eta horren arrastoak Etxauri alde honetako hainbat aztarnategitan agertu dira: esaterako, Mairuaren Kobazuloa, Viñas de la Peña, Legingo Kobazuloak, Legintxiki, Zaldualdea eta La Playa izeneko aztarnategietan; Peña del Cantero-ko pintura eskematikoak ere garai hartakoak dira.
K.a. 800. urte inguruan, eta Burdin Aroaren hasierarekin bat, Nafarroan lehendabiziko herrixka gotortuak sortu ziren. Etxaurin badira horren aztarnak; adibidez, San Kiriakon eta Legingo Gainean. Zehazki, burdinazko armak aurkitu ziren, jatorriz Europa erdialdekoak.
Erromatarren garaia oso ezezaguna da Etxaurin. Herrian bertan egindako indusketetan, dena den, villa baten aztarna ugari agertu dira; beraz, horrek herriaren jatorria eta antzinatasuna erakuts dezake. Erromatarren garaiko zantzu batzuk ere badaude Peñas del Cantero esaten zaion alderdian.
Ez dugu gure aroko V. mendetik aurrerako aztarnarik aurkitu, harik eta IX. mende hasierako arabiar agiri zenbaitetan Sajrat Qays izeneko gotorlekuaren aipamena agertu arte. Zenbait adituren arabera, toki hori egungo San Kiriako da: funtsean, izenak fonetikoki antzekoak direlako eta leku horretako arkeologia-arrastoek hori pentsatzeko bidea ematen dutelako. Inguruko jendea, esaterako, gotorleku horretan babestu zen, Abd ar Rahman III.ak 924an Iruñeko Erresumaren aurkako erasoak jo zituenean. Etxauri herria, gaur egun ezagutzen dugun bezala, garai nahasi horretan egituratu zen; baina, batez ere, Behe Erdi Aroan. Arkeologia-arrasto bakarra, dena den, Erremedioetako Gure Amaren ermitan agertutako nekropolia izanen litzateke: bertan 180 ehorzketa baino gehiago aurkitu ziren, batzuk harlauzazko zistetan, besteak harlanduxkaz egindakoetan eta, beste batzuk, azkenik, lurrean indusitakoetan. Arkeologoei beraiei deigarri gertatu zitzaien hilerri horretan lurperatutako pertsona batzuen luzera, hainbat gorpu 185 cm-tik gorakoak baitziren; lesio eta gaixotasun batzuk ere deigarri gertatu zitzaien.
HARRIA ETA GISUGILEAREN ELEZAHARRA
Harria eta gisugilearen elezaharra (Tamaina 44Kb)
ETXAURIKO EKONOMIA
Gure herria Iruñetik hurbil egotearen ondorioz, Etxauriko jende askok Iruñerriko lantegietan lan egiten du; hala ere, hiru ekonomia-sektoreek tokia dute oraindik ere Etxaurin.
Langileak Jarduera Sektorearen Arabera:
- Nekazaritza: % 15,4
- Industria: % 30,8
- Eraikuntza: % 14,3
- Zerbitzuak: % 39,6
Enpresak jarduera sektorearen arabera:
- Nekazaritza: % 23,1
- Industria: % 15,4
- Eraikuntza: % 7,7
- Zerbitzuak: % 53,8
Iturria: Caja España-ko Ikerketa Zerbitzua. 2008
NEKAZARITZA
Etxauriko nekazaritzan hainbat ezaugarri nabarmendu behar dira.
Nola ez, lehenik eta behin, gerezia azpimarratu behar dugu; fruitu horrek, izan ere, gure ibarra udaberri oro kolorez janzteaz gain, dirua ere ekartzen du, nabarmen gainera. Etxauribarrek 400.000 kilo inguru ekoiztu eta, gehienak, Orvalaiz kooperatibak merkaturatzen ditu (www.orvalaiz.com). Aurrera begira, erronka handi bat dago gereziaren inguruan argi eta garbi; hots, gerezia finkatu eta garatzea, gure ibarraren ezaugarri nabarmena izan dadin.
Etxauribar eta bertako gerezia (Tamaina 128Kb).
Gereziaz gain, mahastiaren garrantzia ere azpimarratu beharra dago. Mendez mende garrantzi handikoa izan da gure inguru hurbilean, eta esan daiteke ia erabat bazter utzia genuela Otazuko Jaurerriko Upelategiak 90eko hamarkadaren bukaeran 155 hektarea inguru landatu zituen arte (www.otazu.com); bidenabar, upelategia bera eta jaurerriko jauregiak ere zaharberritu zituzten.
Abeltzaintzari dagokionez, batetik, ardi-azienda nabarmendu behar da; Nafar arrazako 1.500etik gora ama baitaude molde estentsiboan. Gainera, herriko harategia hemengo haragiaz hornituta dago.
Bestetik, Sarbil mendian barna ibiltzeak, gain haietatik ikusten diren mendi-bazter ederrak eta ikuspegi zoragarriak gozatzeko aukera emateaz gain, Nafarroa osoko ekoizpen ekologikoari atxikitako behi-arraza pirenaiko garbiaren saldorik handiena ikusteko parada ere emanen digu. Azpimarratzekoa da Etxauriko azaleraren % 56,1 nekazaritza ekoizpen ekologikoari lotuta dagoela.
Laborantzak | Laborantza azalera |
---|---|
Fruta gozoa eta fruitu txikiak | 0,82 |
Olibadia | 0,08 |
Landu gabeko beste azalera batzuk | 0,64 |
Larreak | 399,68 |
Bazkalekuak | 390,04 |
Oihan-artzain erabilera | 0,28 |
GUZTIRA | 791,54 |
INDUSTRIA ETA ERAIKUNTZA
Industria eta eraikuntzaren sektorea hogei bat enpresa txikiz osatuta dago, eta erdiak baino gehiago eraikuntza arlokoak dira.
Azpimarratu behar da 1928az geroztik artisautza-forjaketan diharduen Arbizu forjaketa artistikoaren tailerra eta, era berean, Otazuko Jaurerriko Upelategian ardogintzari lotuta dagoen industria.
ZERBITZUAK
Nekazaritza- eta garraio-zerbitzuko zenbait enpresaz gainera, eta antzerki-ikuskizuneko enpresa batez landara, Etxaurik zerbitzu hauek guztiak ere baditu: taxia; bi alojamendu ; bi taberna-jatetxe (Sarbil Jatetxea eta Denak Bat), ile-apaindegi bat, botika, eta denda bat (Adoain), elikagaien eta harategiko jangaien hornidurarako.
Laburbilduz, ekonomia dibertsifikatu samarra duen udalerria da, zerbitzuz ongi hornitua dagoena, bai kalitatez bai kantitatez, udalerriak duen tamainarako.