La Pamplonesa – autobus ordutegiak
HERRIKO JAIAK
Herriko jaiak ekainaren 13an ospatzen dira (San Antonio) eta asteburutik hurbilen dauden egunetan. Lauzpabost egunez ekitaldi asko izaten dira; adibidez, musika saioak, antzerkia, pilota-partidak, haurrentzako jokoak eta jende guztiarentzako giro ona.
Gure festetan, bestalde, bi gauza azpimarratu behar dira: batetik, erraldoien eta buruhandien konpartsa eta, bestetik, giro ezin hobea sortzen duen soinu-tresna; gaita, alegia. Haize-instrumentua da (dultzaina ere esaten zaio), eta gehienetan binaka jotzen da, danbolinak lagundurik; soinu sarkorra izan gabe, aldi berean zolia eta harmoniatsua da. Nekez irudika daiteke gure herrian gaita eta danbolin hotsik gabeko jairik.
JAI TXIKIAK
Santa Eulalia eguna abenduaren 10ean da, eta lehenago herriko jai nagusia zen. Gaur egun, ordea, egun horretan bertan eta hurbilen dagoen abenduko asteburuan, jai txikiak ospatzen dira; esan daiteke herriko jendearentzako festak direla, etxekoentzako.
GASTRONOMIA
Haragiari dagokionez, bildoski errea da hemengo plater bereizgarria, herriko artzainek berek arretaz hazitakoa.
Etxauriko festetan, bestalde, “errellenoa” jaten da; hau da, tripotxa klase bat, etxe aunitzetako otorduetan tokia izaten duena.
Eta nola ez, postretako, Etxaurin dugun elikagairik berezkoena eta ezagunena egoten da mahai gainean; Etxauriko gereziak, alegia.
OHITURAK
- Etxauriko krosa: Etxauriko mendatera (herrian mendateari Larreaundi esaten zaio) egiten den herri igoera; zalantzarik gabe, Nafarroako herri lasterketarik zaharrena. Martxoaren azken igandean edo apirilaren lehenbizikoan izaten da, Aste Santu nola heldu den. 2009an, 30. ekitaldia egin zen; beraz, erreferentziazko proba da bere kategorian.
- Alberto Lacosta Memoriala: Etxauriko Harria jasotzea. Lehendabizikoz, 2000n egin zen eta, egia esan, oihartzun handi-handia sortu zuen herri kirolen munduan. Hantxe aritzen dira harri-jasotzailerik hoberenak norgehiagoka, ea harria nork altxatzen duen gehien eta altxaldi-errekorra hautsi nahian; Nafarroako kirol egutegi barruko egun seinalatua da. Harria jasotzeko lehia krosaren egunean bertan egiten da, behin Etxauriko mendateko lasterketa bukatutakoan. Etxauriko Harria harri irregularren kategorian dago, eta 136,5 kilo ditu; harria ez da batere erregularra, eta horrek eraginda, oso nekosoa izaten da huraxe altxatzea: http://etxauriharria.blogspot.com.es Etxauriko Harria A Stone with a past
- Donibane gaueko Suak: Lehenago, udako solstizioaren etorrera auzoz auzo ospatzen zen, eta bakoitzak sua molde tradizionalean antolatzen zuen. Garai batean, biztanle kopurua murriztu izanaren ondorioz, ohitura galdu egin zen; azkenaldian, ordea, berreskuratu eta auzokide guztien arteko jaia egiten da, kiroldegian; han etxauriarrek irudimena dantzan utzi eta San Joan gaua gogotik gozatzen dute.
- Olentzero eta Mari Domingi: Etxaurin hirurogeita hamarreko hamarkadaren bukaeran berreskuratutako ohitura da, eta ederki errotu zen hurrengo bi hamarkadetan. Gaur egun, eta duela urte batzuetatik hona, Etxauribar guztiak elkarrekin ospatzen du. Olentzero jende guztiarentzako erreferentzia bilakatu da, haren etorrerak pozez betetzen baititu Ibarreko gizon-emakume guztiak; haurrak, batez ere. Denak haren opariak noiz iritsiko zain egoten dira, eta poz-pozik, Euskal Herriko ikazkinik ospetsuenarekin ederki gozatzeko.
- Errege Gaua: Errege gau aitzineko arratsaldean (urtarrilaren 5ean) ohitura izaten da Errege Magoen etorrera ospatzea. Ekitaldiak Santa Eulalia elizaren barruan egiten dira; haurrak dabiltza bereziki kontent, irudimena dantzan utzita, gaua noiz iritsiko zain, eskatutako oparien esperoan.
- Agate Deuna: Otsailaren 4an ospatzen da, Santa Ageda bezperan, eta koplak Ibarreko zoko-moko guztietara eramaten dira.
- Inauteriak: Otsailean ospatzen dira, eskola-egutegiarekin bat. Usadioak agintzen du Sarbil Mendiko gailurrera igotzea (Santa Kruz kaskora, alegia); ondoren, Muniaingo pagadian, behar bezalako gosari legea egiten da. Arratsaldean, berriz, inauterietako panpina erre eta, gauez, elkartean festa-giro ederra izaten da.
ERROMERIAK
Erromeriei dagokienez, lehenago oso jendetsuak izaten ziren. Urtean barna, hiru egiten dira. Hona hemen:
- San Marko edo “Perdoneko Andre Maria”: Erromeria nagusia da eta Etxauribarko biztanle guztiek parte hartzen dute (Ubani, Zabaltza, Arraitza, Belaskoain, Bidaurreta, Etxarri, Ziritza eta Etxauri). Eguna, berez, apirilaren 25a bada ere, hurrengo igandean ospatzen da. Auzokideak nor bere herritik abiatzen dira Muru-Azteraineraino iritsi arte, eta herri horretatik Azteraineraino erromerian joaten dira, ohi denez San Markos jaia ospatzeko.
- Erremedioetako Andre Maria: Lehenago erromeria egiten zen; gaur egun, ordea, eta duela urte batzuetatik hona, meza bat ematen da haren omenetan irailaren lehen igandean.
- Arrigorriako Andre Maria: San Isidro egunaren ondoko igandean, erromeria Arraitzatik abiatzen da, Ama Birjina Salbatoreko baselizan ohoratzeko. Ermita hori Otazuko jauregiaren barrutian dago.
EUSKARA
ZER IKUSI
Udaletxea
XIX. mende erdian eraikia eta XX. mendeko laurogeita hamarreko hamarkadan goitik behera zaharberritua. Beheko solairuaz landara, gainean beste bi ere baditu. Hiru arkuz osaturiko arkupea du eta etxaurre nagusia harri-hormaz egina dago.
Eraikinean udalaren bulego eta langelak daude. Lehen solairuan Etxauri, Ziritza, Etxarri eta Bidaurretako auzokideei egiten zaie harrera. Bigarren solairuan, berriz, erabilera anitzeko bi gela daude, udalerri osoarentzako jarduerak egiteko. Eta beheko solairuan, azkenik, udal ludoteka dago, bai eta Santa Eulalia erretiratuen elkartea ere.
Santa Eulalia Eliza
XVIII. mendean eraiki zen, Erdi Aroko beste baten gainean. Gurutze latindarreko oinplanoa du, oinaldean kanoi-gangaz estalitakoa; gainerakoa luneta-gangaz estalita dago eta, gurutzaduraren erdigunean, petxinen gaineko kupula bat ere badago. Erdi-puntuko ataria du, apaindurarik gabea. Erretaula neoklasikoan bi irudi, bi taila, ageri dira: Santa Eulalia eta San Antonio Paduakoa.
Barruan, nabarmentzekoa da organoa, neogotiko estilokoa. 1863an, Garesen, José Antonio Oria y Artechek egina, duela gutxi birgaituta eta kulturako berreskuratuta.
Restaurado el órgano de Santa Eulalia de Etxauri
Santa Kruz Ermita
Santa Kruz ermita Sarbil mendiko gailurrean dago (1.138 m.) eta, baselizaz gain, aterpe bat ere badago, eta ondo-ondoan gurutze bat. Inguru hartatik sekulako ikuspegiak daude, zoragarriak: Etxauribar, Iruñerria eta, urrutian, Pirinioak eta Moncayo mendia. Zalantzarik gabe, oso toki erakargarria da mendizaleentzat, bide asko baitaude haraino igotzeko, gehienak errazak.
Erremedioetako Gure Ama
Ermita Moratarren Jauregi zaharraren ondoan dago. Jauregia XVII. mendean eraiki zen, eta bi eraikinak zaharberritu daude. Baselizak erdi-puntuko ate bat du epistolaren ondoan, eta erretaulan Erremedioetako Ama Birjinaren irudi bat dago. Lehenago, erromeria bat ospatzen zen; gaur egun, ordea, eta duela urte batzuetatik hona, irailaren lehen igandean meza ematen da. Hain zuzen ere, meza ematen den egunean baizik ez dago zabalik.
Otazuko Jaurerria
XVI. mendeko jauregia, XIV. mendeko usategi-dorrea eta San Esteban eliza erromanikoa osatzen dute Erdi Aroko Otazuko multzoa.
Otazuko Upelategia: Ardoa, artea, historia, natura
Jaurerriaren erdigunean,Etxauribarko toki ezin hobean kokatuta dago. Aintzinako upeltegiari,frantses estilokoa eta XIX. mendean eraikita, erantsita dago. Upeltegi zaharra GABARBIDE, S.A. elkarteak zaharberritu eta handitu zuen. Upeltegi berriak arkitektura harrigarria dauka, ardoaren katedrala da eta bertan ardoa sortzeko teknologia berrienak eta belaunaldi askoren jakituria batzen dira.
Argibideak, webgune honetan: www.otazu.com
Erdi Aroko Dorretxeak
Etxauriko usategi-dorre guztiak Erdi Arokoak dira. Oinplano koadroa dute eta, goialdean, arku zorrotzez eraturiko leihoak daude; gorago, berriz, dorretxeek erlaitz-ilara bat edo hainbat dituzte.Apainketa-xehetasun batzuk dira nabarmentzekoak: esaterako, hainbat dorretan, hirutan banaturiko leihoak ageri dira. Eraikin guztiak jabetza partikularrekoak dira eta, oro har, ongi kontserbatuta daude. Dorretxe batzuk jabeen ohiko etxebizitza dira.
Eskalada
Etxauri ondoko Sarbil mendilerroko hego paretak dira, zalantzarik gabe, Nafarroako eskalada eremurik onena, eta Europako eskalada-eskola onenetariko bat. Etxauriko baldintzak ez dira erraz ematen batera: harkaitzak oso kalitate ona du, ekipamenduak onak dira (azken urteotako eskalada bideetan ainguraketa kimikoak jarri dira). Hitz batean: eskalada eskola zoragarria da. Bertan eremu eta pareta ugari aurkituko dituzu; bideak ere asko eta zailtasun eta estilo askotarikoak dira; paretetara hurbiltzen ahal zara erraz eta azkar; Iruñetik gertu dago; eta gainera, Etxauriko mikroklima goxoa eta inguru natural ederra disfrutatuko dituzu. Horiek dira eskola honen alde onak.
Azken hamarkadan eskalada bide berri asko atondu dira, horietako asko kalitate onekoak. Bide berri horiek gradu askotakoak dira: errazak batzuk eta goi mailakoak besteak, tartekoak ahaztu gabe. Bestalde, zailtasun gutxiko bi eremu ere prestatu dira eskaladan hasi berriendako egokiak. Bide zahar batzuk eta ahaztu samar ziren eremu batzuk ere berriro prestatu dira; hurbiltzeko bideak garbitu dira eta bidexka berriak ere egin dira. Etxauriko eskalada eskola berritzeko lan horietan guztietan parte hartu dute Mendi eta Eskalada Kirolen Nafar Federazioa (FNDME)-en ekipamenduen batzordeak eta eskalatzaile -eta ekipatzaile- talde txiki batek. Ilusioz beteko haien lanari esker dugu orain halako eskalada-eskola ederra. Ekipamendu batzordeko kideak izan dira Koldo Bayona, Ioseba Arlegi, Ekaitz Maiz, Javi Acebedo eta Carlos Velázquez.
Etxauriko kareharriko paretak 20 eta 130 metro artean dira. Gehienek hegoaldeko orientazioa duten arren, badira ekialdera edo mendebaldera begira daudenak ere; baita gerizpeko eremuak ere, iparraldera begira eta udako egun beroetan eskalatzeko egokiak. Ia urte osoan eskalatzen ahal duzu Etxaurin.
Eskalada-bide gehienak kirol-eskalada estilokoak dira, beste batzuk, berriz, estilo klasikokoak. Osotara 730 bide daude, 40 eremutan banaturik. Bide guztiek 935 soka-luze egiten dute; beraz, ziur aurkituko duzula zure gustuko eta zure graduko bide hori. Gainera, testu hau irakurtzen duzunerako beste bide batzuk ere ekipaturik egongo dira.
Zerbitzuak: Etxaurin bertan janari-denda eta botika daude. Hiru taberna: plazan (Denak bat), larrain handian(Bar Basterra) eta Ikerrea kalean, 8 (Sarbil Jatetxea).
Lo egin: Inguruko kanpinetan (Camping Lizarra, Estella-Lizarran, telefonoa: 948 55 17 33. Iruñea ondoko Ezkaba kanpinean. Mendigorriako El molino, telefonoa: 948 34 06 04). Paretetan badago aterpe zaindu gabe bat (Refugio Marcos Feliú, Pared del refugio eremuan -begiratu Etxauriko sarbide mapa-); sei lagun edo sartzen dira eta gaizki eta zikin dago. Horretaz gain vivac egiteko tokiak ere badira; galdetu bertako eskalatzaileei.
Eskalatzeko beste eremu batzuk: Peñartea Iruñeko hegoaldean, La Sima, Biaizpe-Dos Hermanas, Lezaia, San Fauso eta Eulate/Aranaratxe. Informazio gehiago Nafarroako eskalada gidan.
Oharra: Eskalada kirol arriskutsua izan daiteke. Hemen irakurtzen duzun informazioa ez da aski zu eta zure sokakideak seguru ibiltzeko. Orri honetako datu guztiak eskalatzaile askok aztertu, ikertu eta zuzendu dituzte; hala ere, akatsak egon daitezke:informazio hau idatzi ondoren ekipamenduak aldatu direlako, rapelak tokiz aldatu direlako… Beharrezkoa da beti eskalatzaileek formazio egokia izatea, irakasle titulatuek emana. Formazio horrek baliabide egokiak emango dizkizu progresio, seguritate eta babes teknika egokiak ezagutzeko, gainera zure gaitasun eta mugak erakutsiko dizkizu. Udal honek eta informazio honen egileak ez dute inolako erantzukizunik hartzen orri honetako informazioa erabiltzean gerta litezkeen edozein istripuagatik.
Etxauri eta nafar eskalada: zertzelada historikoa (Tamaina 62Kb).