Usamos cookies propias y de terceros para mejorar su experiencia como usuario. Al hacer clic en cualquier enlace de este sitio web usted nos está dando su consentimiento para la instalación de las mismas en su navegador.
Más información

ETA ESKOLATIK KANPO, ZER?

Prest al dituzue motxilak, mantalak, liburuak, arkatzak eta gainerakoak? Iraila iritsi da!! Berriz ere eskolara itzultzeko tenorea, nagiak atera eta egunerokoei ekiteko garaia. Familia osoari berriz martxan jartzea dagokio orain, ekainean alde batera utzitako betebeharren eta egitekoen zerrenda berreskuratuta.

Izan ere, irailean “eskolara itzultzea” beste konturik ez da izaten gurasoen artean, baina eskolarekin batera hortik kanpoko jarduerak ere iristen dira. Gainera, seme-alabak koskortzen doazen neurrian, jarduera horiek ugaritzen joanen zaizkie eta aisialdiak gero eta toki handiagoa hartuko du haien bizitzetan.

Eskolak betetzen duen funtzioa ukaezina da, baina zinez da beharrezkoa gurasoek aisialdiari dagokion garrantzia ematea. Izan ere, haurrek eskolaz kanpoko jardueretan eta, oro har, haien denbora librean, ongi pasatzeaz gainera beren sozializazio eremuak zabaltzen dituzte eta beren nortasuna eraikitzen lagunduko dieten bizipen berriak bereganatzen dituzte.

Haurrei hain erakargarri egiten zaizkien jarduera eta bizipen horietan euskarak ahalik eta presentzia handiena izatea komeni da. Eremu informalagoak eta libreagoak diren heinean, haurrek eskolan ikasitakoari jarraipena emateko eta hizkuntzaren erregistro kolokialagoak praktikatzeko gune aproposak dira. Ez dugu ahantzi behar hizkuntza, eskolan ez ezik, bizitzan ere ikasten dela.

Euskarazko aisialdi jardueren aukera (musika, kirola, antzerkia, bertsolaritza…) gero eta zabalagoa da, bizi garen tokiaren arabera euskarazko eskaintza hori ugariagoa edo murritzagoa bada ere. Proposatzen dizuegu haurrak aisialdiko jardueretan izen eman aurretik ongi azter dezazuen jarduera hori euskaraz egiterik badagoen. Lortzen duzuen aldi oro haurrari euskaraz aritzeko beste aukera bat emanen diozue!

ERA.EUS-en Nafarroako herri eta eskualdeetan euskaraz eskaintzen diren jardueren bilduma izaten da, lagungarri izanen zaizuelakoan.  Eta, horrez gain, guraso proaktibo izan zaitezten animatu nahi zaituztegu. Alegia, umearen gustuko jardueraren bat zuen inguruan euskaraz eskaintzen ez bada, herriko eragileengana (guraso elkartea, udala, eskola, euskara zerbitzua…) jotzera animatzen zaituztegu, jarduera hori euskaraz antola dadin saiatzeko. Irabazteko asko dago eta merezi du!